Itzulpen- eta berrikusketa-irizpideak

IZOren itzultzaile-taldeak 2016an argitaratu zituen lehenengo aldiz IZOren Itzulpen eta Berrikusketa Irizpideak. Hasieran, zerbitzuaren barruko koherentzia eta batasun linguistikoak sendotzea zen helburua, eta, gaur egun ere, hala da, baina berez-berez etorri zen irizpideon eskaintza IZOtik kanpo ere zabaltzea: lehenik eta behin, IVAPeko gainerako lankideak ditugu gogoan; gero, Jaurlaritzako langileak, eta, azkenik, edozein administraziotan euskara lan-tresna ohikoa duen edonor.


Txosten hau eskaintza bat da, alde batetik, itzulpen-lanetako zalantza eta auzi ilunak argitzeko mesedegarri izango dena, eta exijentzia bat ere bai, bestetik, IZOren zigilua daramaten itzulpen guztiek (IZOn bertan nahiz IZOtik kanpo eginak izan) gutxieneko bateratasun-irizpideak bete behar baitituzte, itzulpenak egokiak eta kalitatezkoak izango badira.


Zorionez, gero eta gehiago dira itzultzaileok eta zuzentzaileok eskura ditugun hiztegi arauemaileak, espezializatuak, kontsultaguneak eta hizkuntzarekin zerikusia duten lan-tresnak. Hori dela eta, ez zaigu beharrezkoa iruditu han-hemen eskuragarri dauden eta jakinekotzat jo daitezkeen argibideak ematea. Baina oro ez da urre, ezta dena arau finko ere. Alegia, oraindik lan ugari dago egiteko administrazio-arloko euskara finkatzeko, eta itzultzaile-zuzentzaileok zalantza asko izaten ditugu gure eguneroko lanean. Premia horri erantzuteko, funts-funtsezkoa da itzulpen- eta zuzenketa-lanetarako irizpideak adostea, betetzea eta betearaztea.


Irizpideon helmena zedarritzea komeni da: Euskaltzaindiaren erabakiek beren esparrua dute, izenen ofizialtasunak berea, erakundeek ere zeinek bere eskumenak egikaritzen ditu… Horiek guztiak aintzat hartzen ahalegindu gara, nahiz eta jakitun izan irizpideak, izatez, behin-behinekoak direla eta halaxe izango direla beti, esan nahi baita etengabe eguneratu beharreko irizpideak direla. Kontuan hartu, baita ere, txosten honetako irizpideak IZOk 2024ko martxora arte hartutakoak direla. Aurrerantzean ere bide honetatik segitzeko asmoa dugunez, dokumentu hau elikatzen jarraituko dugu, osatzen eta zuzentzen dugun bitartean; tenorea denean, bertsio eguneratua jarriko dugu Interneten, orain egin dugun bezala.


Manu Arrasate, Itzultzaile Zerbitzu Ofizialeko arduraduna
Lakua, 2024ko martxoaren 8a

Dokumentu honetan ezartzen dira itzulpen- eta berrikusketa-irizpideak testuen ortotipografia, morfosintaxia, testugintza eta terminologiari dagokionez: Itzulpen- eta berrikusketa-irizpideak (PDF, 2 MB) (leiho berri batean irekitzen da)

Azken aldaketako data: