Argitaratzea data-mota: 2013/03/27

Jaurlaritzak web orriak euskaraz sortzeko lehen liburu digitala argitaratu du

Komunikazio elektronikoa. IVAPen gomendioak web-orriak idazteko eskuliburua doan deskarga daiteke Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) web-orrian.

EAEko Herri Administrazioko langileek eta herritarrek web-orriak eta edukiak euskaraz sortzeko gomendioak eta azalpenak biltzen ditu.

Maite Iruretagoiena IVAPen zuzendariaren arabera, eskuliburua «euskaraz egiazko komunikazio digitala sortzeko eta testuak beste hizkuntza batzuen itzulpen hutsak ez izateko abiapuntua da».

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Komunikazio elektronikoa. IVAPen gomendioak web-orriak idazteko doako eskuliburu digitala argitaratu du lehen aldiz. Web-orriak eta web-edukiak euskaraz sortu nahi dituzten erabiltzaileentzako lehen online liburua da. 

Maite Iruretagoiena IVAPen zuzendariaren ustez, «ezinbestekoa da Interneten munduan hizkuntza gutxituen erabilera eta jarduna erraztea»; horregatik, «eskuliburu honek euskararen presentzia areagotuko du mundu digitalean, proiektuen hasieratik eta sorreratik bertatik». 

IVAPek 30 urte eman ditu administrazioan hizkuntza ulerterraz eta argiaren erabilera bultzatzen. Ildo horretatik, Maite Iruretagoienak azaldu duenez, «eskuliburu digital hau web-edukiak euskaraz sortzeko beste pauso bat da». 

Eskuliburu digital sinplea eta erabilgarria 

Eskuliburuak EAEko Herri Administrazioko langileek eta herritarrek web-orriak eta edukiak euskaraz sortzeko gomendioak eta azalpenak biltzen ditu. Maite Iruretagoienaren arabera, orain arte sortutako eduki digital gehienak «beste hizkuntza batzuetakoen itzulpenak ziren, eta, kasu gehienetan, ez ziren erabat biribilak; beraz, euskaldunek nolabaiteko kalitate galera ere antzematen zuten». 

«Ez da liburu teknikoa, ezta adituentzako liburua ere». Liburu digital honek erabiltzaileari web-orriak pausoz pauso sortzen laguntzen dio. Argitalpenak, pantailaren diseinu egokiari esker, irakurle gehiago lortzeko modua erakusten du. 

Gainera, Interneteko atariak edukiz eta informazioz betetzeko, testuak planifikatzeko eta egituratzeko modu argia azaltzen du, eta erabiltzaileari proposamenak egiten dizkio adibideen bidez, erabiltzaileentzako web-orri erakargarriak eta interesgarriak sor ditzan. 

Komunikazio elektronikoa. IVAPen gomendioak web-orriak idazteko argitalpen bizia da, erabiltzaileek hobekuntzak proposatu ahal izango baitituzte. Proposamen horiek aldizka berrituko dira. 

Liburu digitala IVAPen administrazioko hizkuntzaren alorreko hainbat teknikarik -Xabier Amatria, Urtzi Barrenetxea, Irene Fernández, Rakel Olea, Joseba Uskola e Izaskun Zuntzunegi- sortu dute. Komunikazio elektronikoa. IVAPen gomendioak web-orriak idazteko datozen hilabetetan argitaratuko dute gaztelaniaz, eta bertsio hori ere doakoa izango da eta online egongo da erabilgarri.

 

http://www.ivap.euskadi.net/r61-s20001x/eu/s20aWar/novedadesJSP/s20aVerDetalle.do?idValorSeleccionado=545X0