Testu on bat idazteko, ideiak hierarkizatu behar dira (1)

egilea: Begoña Ayerdi,
Testu batzuk, gramatikaren aldetik zuzenak izan arren, ez ditugu ondo ulertzen. Post honetan, ideiak hierarkizatzearen garrantzia nabarmendu nahi dugu, testuen argitasunean eragiten duten faktore nagusietako bat baita.
Zer da ideia nagusia? Eta bigarren mailako ideia?
- Ideia nagusi batek landu nahi den gaia garatzeko oinarrizko informazioa adierazten du. Ezaugarri hauek betetzen ditu:
- Edukirik garrantzitsuena azaltzen duenez, ezin da ezabatu.
- Autonomia du, eta, beraz, ez du beste ideiarik behar ulertua izateko.
- Gainerako testu-elementuak bere inguruan artikulatzen ditu.
- Bigarren mailako ideia batek ideia nagusi batetik eratorritako xehetasunak adierazten ditu. Ezaugarri hauek betetzen ditu:
- Ideia nagusiak baino garrantzi txikiagoa du.
- Ideia nagusi bat zabaltzeko edo frogatzeko balio du, baita adibideak emateko ere.
- Ez du autonomiarik, hau da, ideia nagusiaren mende dago ulergarria izateko.
Testu batek ideia nagusi bakarra edo gehiago izan ditzake, eta, era berean, ideia nagusi bakoitza bigarren mailako ideia batekin edo batzuekin erlaziona daiteke. Eskema hori are gehiago adarkatu daiteke, baldin eta bigarren mailako ideia bat mendeko beste ideia osagarri batzuekin lotzen bada (hirugarren mailako ideiak, eskuliburu batzuen arabera).
Adibide bat
Erabil dezagun honako testu hau adibide gisa (etenpuntuek adierazten dute gaia gehiago garatzen dela):
Zure bihotza zaintzeko gomendio batzuk: - Utzi erretzeari |
Zerrendako item bakoitza (Utzi erretzeari, Egin ariketa fisikoa, etab.) ideia nagusitzat har dezakegu; izan ere, helburu komun bati erreparatzen dioten arren (gure bihotza nola zaindu gomendatzea), gai bakoitza modu autonomoan garatzen da paragrafo bakoitzean .
Testu horretako ideien hierarkia honela isla daiteke:
Títulua |
Zergatik komeni da testuak ideien hierarkia errespetatuz idaztea?
Ideiak hierarkizatzeak ulermena errazten du; izan ere, funtsean hiru abantaila hauek eskaintzen ditu:
- Testuen koherentzia eta kohesioa hobetzen ditu.
- Testu laburragoak idazteko aukera ematen du. Ideiak ordenatzean, argiago ikusten da testu-elementu jakin batzuk ez direla beharrezkoak, eta, ondorioz, ezabatu daitezkeela.
- Irakurketa azkarraren (eskaneoaren) eraginkortasuna areagotzen du. Batez ere, testuaren funtsezko elementuak letra lodiz nabarmentzen baditugu.
** Hurrengo post batean, ideien hierarkizazioa erabiliko dugu testu hau hobetzeko:
Euskadi autonomia erkidegoen zerrendaburu izan zen hileko batez besteko soldatari dagokionez, 2.235 eurorekin, Madrilek baino 70 euro gehiagorekin –bigarrena da rankingean–, eta hirugarren postuan dagoen Nafarroak baino 150 euro gehiagorekin. Sailkapen horren arabera, Euskadin, hileko batez besteko soldatak Estatukoak baino 357 euro handiagoak izan ziren. Gainera, EAEko soldatapekoen ia erdiak (% 45,2) 2.137 euro gordin baino gehiago kobratu zituen hilean, Estatu osoko ehunekorik handiena.
Lanaren prezioen indizea (LPI) ere kontuan hartu behar dugu. Urteko indize horren helburua da eskulanaren prezioak denboran duen aldaketa neurtzea, soilik lan merkatuaren presioak kontuan hartuta, hau da, prezio horri ez diote eragiten egindako lanaren kalitateak edo kantitateak. Horrenbestez, hainbat faktore deskontatzen dira, hala nola lan egindako orduak, kontratu mota, langileen ezaugarriak, antzinatasunagatik dauden aldaketak eta langileen promozioak. Ondorioz, LPIak neurtzen du enplegatzaileek dauden lanpostu guztiengatik ordaintzen duten soldaten kostuaren aldakuntza, suposatuta aurreko urteko lanpostuen osaera bera mantentzen dela. Euskadin indize hori % 6,7 igo zen 2008-2015 aldian, eta Estatuan, berriz, -% 0,1 jaitsi zen batez beste. Edo, bestela esanda, Euskadi, alde batetik, LPIa igo den bederatzi erkidego autonomoetako bat da, eta, bestetik, gehien igo zen erkidegoa da (+% 6,7), eta distantzia handiarekin bigarren erkidegoarekiko, Valentziako Erkidegoarekiko (+% 2,5).
Laburbilduta, krisian zehar, Euskadi izan zen enplegatzaileek ordaindu zuten soldata-kostua gehien handitu zuen autonomia erkidegoa.
Anima zaitez, hierarkizatu ideiak eta berridatzi testua hierarkia horretan oinarrituta. Ondoren, alderatu zure proposamena blogeko hurrengo sarreran eskainiko dugunarekin.