Testu baten ulergarritasuna nola hobetu

egilea: Begoña Ayerdi,
Testu baten ulergarritasuna hobetzeko, haren edukian sakondu behar da.
Post honetan, urratsez urrats azalduko dugu nola egokitu dugun testu bat, ulergarriagoa izan dadin.
Hona hemen testuaren jatorrizko bertsioa:
Trenbide-jabari publikoko eremuan, zortasun-eremuan eta afekzio-eremuan obrak egiteko baimena
Izapide honen xedea da, jabari publikoko trenbideetan eta zortasun- eta afekzio-eremuetan obrak edo jarduketak egiteko, Euskal Trenbide Sareari eskabideak bidaltzea, izapidetze elektroniko bidez, baimena emateko edo ez emateko Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbideen Lurraldearen Arloko Planak eta trenbide sektorearen Legeak ezarritako mugen arabera, bai eta, baimena izanez gero, horiek egiteko behar den kontratuaren baldintzak ezartzeko ere.
(Administrazio publikoek eta pertsona juridikoek bide elektronikoz egin behar dute eskaera)
Maiz irakurtzen ditugu antzeko testuak, paragrafo bakar baten bidez informazio asko ematen dutenak.
Horrelako testuen ulergarritasuna testua berrantolatuz hobetu daiteke; eta, horretarako, oso baliabide eraginkorra da, testua irakurtzen dugun bitartean, geure buruari galderak egitea.
Zein da testuaren ideia nagusia? Zertarako balio du izapideak?
Funtsezko ideia izenburuak jasotzen du, bai eta lodiz nabarmendutako testu-zatiak ere:
Trenbide-jabari publikoko eremuan, zortasun-eremuan eta afekzio-eremuan obrak egiteko baimena
Izapide honen xedea da, jabari publikoko trenbideetan eta zortasun- eta afekzio-eremuetan obrak edo jarduketak egiteko, Euskal Trenbide Sareari eskabideak bidaltzea, izapidetze elektroniko bidez, baimena emateko edo ez emateko Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbideen Lurraldearen Arloko Planak eta trenbide sektorearen Legeak ezarritako mugen arabera, bai eta, baimena izanez gero, horiek egiteko behar den kontratuaren baldintzak ezartzeko ere.
(Administrazio publikoek eta pertsona juridikoek bide elektronikoz egin behar dute eskaera)
Norentzat da izapidea? Nork bidali behar du eskabidea?
Egia esan, testuak ez die argi erantzuten aurreko galderei. Erantzuna ondorioztatu egin behar dugu letra lodiz nabarmendutako testu-zatiak irakurtzean:
Izapide honen xedea da, jabari publikoko trenbideetan eta zortasun- eta afekzio-eremuetan obrak edo jarduketak egiteko, Euskal Trenbide Sareari eskabideak bidaltzea, izapidetze elektroniko bidez, baimena emateko edo ez emateko Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbideen Lurraldearen Arloko Planak eta trenbide sektorearen Legeak ezarritako mugen arabera, bai eta, baimena izanez gero, obrak edo jarduketak egiteko behar den kontratuaren baldintzak ezartzeko ere.
(Administrazio publikoek eta pertsona juridikoek bide elektronikoz egin behar dute eskaera)
Eskabidea bidali ondoren, zein da izapidearen hurrengo pausoa? Zer egin behar du Euskal Trenbide Sareak?
Lodiz nabarmendutako testuak ematen dizkigu erantzunak:
Izapide honen xedea da, jabari publikoko trenbideetan eta zortasun- eta afekzio-eremuetan obrak edo jarduketak egiteko, Euskal Trenbide Sareari eskabideak bidaltzea, izapidetze elektroniko bidez, baimena emateko edo ez emateko Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbideen Lurraldearen Arloko Planak eta trenbide sektorearen Legeak ezarritako mugen arabera, bai eta, baimena izanez gero, obrak edo jarduketak egiteko behar den kontratuaren baldintzak ezartzeko ere.
Nabarmendutako testu-zatiak
Jarraian, nabarmendutako testu-zatiak jasoko ditugu:
Izapide honen xedea da, jabari publikoko trenbideetan eta zortasun- eta afekzio-eremuetan obrak edo jarduketak egiteko, Euskal Trenbide Sareari eskabideak bidaltzea, izapidetze elektroniko bidez, baimena emateko edo ez.
Administrazio publikoek eta pertsona juridikoek bide elektronikoz bidali behar dute eskabidea.
Euskal Trenbide Sareak […], baimena emateko edo ez emateko Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbideen Lurraldearen Arloko Planak eta trenbide sektorearen Legeak ezarritako mugen arabera, bai eta, baimena izanez gero, obrak edo jarduketak egiteko behar den kontratuaren baldintzak ezartzeko ere.
Ideiak argitu ondoren, galdetzen jarrai dezakegu; oraingoan, testua berrantolatzeko.
Nork? Administrazio publikoek eta pertsona juridikoek. Zer? Baimen-eskabide bat bidali. Nori? Euskal Trenbide Sareari. Zertarako? Jabari publikoko trenbideetan eta zortasun- eta afekzio-eremuetan obrak edo jarduketak egiteko. Nola? Izapidetze elektroniko bidez. Informazio hori esaldi batean jasoko dugu: Jabari publikoko trenbideetan eta zortasun- eta afekzio-eremuetan obrak edo jarduketak egiteko, Administrazio publikoek eta pertsona juridikoek baimen-eskabide bat bidali beharko diote Euskal Trenbide Sareari, izapidetze elektroniko bidez. |
Nork? Euskal Trenbide Sareak. Zer? Baimena emango du edo ez. Nola?
Informazio hori paragrafo honetan bilduko dugu: Euskal Trenbide Sareak baimena emango du edo ez, Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbideen Lurraldearen Arloko Planak eta trenbide sektorearen Legeak ezarritako mugen arabera. Baimena emanez gero, obrak edo jarduketak egiteko behar den kontratuaren baldintzak ezarriko ditu |
Ideiak zehaztu eta argitu ondoren, errazago idazten da testua. Ideiak argi izatea da idazketa ulergarri baten oinarria.
Hona hemen jatorrizko testuaren eta proposamenaren arteko aldea:
Trenbide-jabari publikoko eremuan, zortasun-eremuan eta afekzio-eremuan obrak egiteko baimena Izapide honen xedea da, jabari publikoko trenbideetan eta zortasun- eta afekzio-eremuetan obrak edo jarduketak egiteko, Euskal Trenbide Sareari eskabideak bidaltzea, izapidetze elektroniko bidez, baimena emateko edo ez emateko Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbideen Lurraldearen Arloko Planak eta trenbide sektorearen Legeak ezarritako mugen arabera, bai eta, baimena izanez gero, horiek egiteko behar den kontratuaren baldintzak ezartzeko ere. (Administrazio publikoek eta pertsona juridikoek bide elektronikoz egin behar dute eskaera) |
Trenbide-jabari publikoko eremuan, zortasun-eremuan eta afekzio-eremuan obrak egiteko baimen-eskabidea Jabari publikoko trenbideetan eta zortasun- eta afekzio-eremuetan obrak edo jarduketak egiteko, Administrazio publikoek eta pertsona juridikoek baimen-eskabide bat bidali beharko diote Euskal Trenbide Sareari, izapidetze elektroniko bidez. Euskal Trenbide Sareak baimena emango du edo ez, Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbideen Lurraldearen Arloko Planak eta trenbide sektorearen Legeak ezarritako mugen arabera. Baimena emanez gero, obrak edo jarduketak egiteko behar den kontratuaren baldintzak ezarriko ditu. |