Testu argiak idazten lagundu diezaguketen adimen artifizialeko tresnak

egilea: Hostaitza Zubeldia Zumarraga,
Adimen artifizialak (AA) teknologiaren mundua goitik behera aldatu du azken urteotan. Herritarrentzat baliabide oso erabilgarria bihurtu da, irudiak edo bideoak sortzen, datuak aztertzen eta hamaika zeregin egiten lagun diezagukeelako.
Aldaketa horrek hizkuntza argiari eragin dio: testuak hizkuntza argian idazten lagun diezaguketen adimen artifizialak garatu dira. Hizkuntza naturalaren prozesamenduaren paradigmen arabera, AA desberdinak honela sailka daitezke: arauetan oinarritutako sistemak, ikaskuntza automatikoa eta hizkuntza ereduak.
Sailkapen hori kontuan hartuta, Interneten eskuragarri dauden baliabide hauek aurkezten dizkizuegu (guztiak doakoak):
ChatGPT : Denetan ezagunena da, nahiz eta hizkera argiagatik ez izan. Dena dela, testuak argitzen lagun diezaguke; izan ere, ikaskuntza automatiko motakoa denez, edozein testu hizkera argian idatz edo egokitu dezake. Chat GPT barruan, zenbait aplikaziok soilik hizkera argia jorratzen dute (saioa hasi behar da horiek erabiltzeko):
- Genaro : Epai juridikoen argitasuna ebaluatzen duen AA da. Batetik, testuaren indarguneak eta ahulguneak adierazten ditu; bestetik, aldaketak proposatzen ditu ahuleziak hobetzeko.
- Guía Panhispánica : Testuak hizkera argiaren arabera sortu eta birformulatzen ditu.
- Asistente jurídico claro : Guía Panhispánicak bezala funtzionatzen du.
Copilot : Microsoftek sortutako AA da. ChatGPTk bezala, testuak idatzi edo moldatu ditzake, hizkera argia kontuan izanik.
ArText : Arauetan oinarrituta testua hobetzeko iradokizunak egiten dituen sistema da. Baina ez du aldatzen. ArTexten barruan, idatzi nahi den testu mota aukeratu behar da, eta aukeraketaren araberako egitura argia proposatzen du; gainera, paragrafoak nola has daitezkeen ere adierazten du. Behin testua amaituta, hizkera argiaren printzipioen arabera aztertzen du, eta adierazten digu zein alderdi aldatu behar ditugun (nominalizazioak, lexikoa, egitura pasiboak etab.).
Clara : Arauetan oinarritutako sistema da hau ere, baina oraindik proba bertsioan dago. Testuek hizkera argiaren arauak betetzen dituzten egiaztatzen du, eta ehuneko batez adierazten du betetzen duten ala ez. ArTexten aldean, Clarak ez dio erreferentziarik egiten egiturari, eta ez du adierazten zein hitz diren aldatu beharrekoak.
Clappi : ChatGPTren motakoa da, eta Buenos Airesko gobernuak garatu du. proposatutako testua aldatzen du hizkera argiaren arauak bete ditzan. Clappi Oraingoz Gobernuko langileek bakarrik erabil badezakete ere, hizkera argiaren gida interaktiboa dute (Guía interactiva del lenguaje claro); ariketak ditu eta eskuragarri dago nahi duenarentzat.
Ateca : Ez da hizkera argia aplikatzeko tresna bat, irakurketa erraza txertatzeko tresna bat baizik. Testuak irakurketa errazera bihurtzen ditu, eta ondoren baliozkotu egiten ditu (derrigorrezko prozedura da irakurketa errazean).
Tresna horiek guztiek hizkera argian idazten laguntzen dute; hala ere, makinek ezin dute gizakiaren lana ordezkatu, eta adituek beti gainbegiratu behar dute AAk egindakoa.
Orrialde horietan sartzera gonbidatzen zaituztegu, testuak idazteko tresnarik egokiena aukeratu dezazuen.
ArText sistemaren inguruko informazio gehiago nahi izanez gero, gure blogeko post hau irakur dezakezu: Administrazio-testu argi bat idazteko laguntza behar duzu?