Tortila ala tortilla? Arrautzopila ala arrautzopilla?
Zein da idazkera zuzena?
egilea: Josu Goenaga Arbiza,
Batzuetan, euskaraz zaila egiten zaigu asmatzea nola idatzi mingaina ahosabaira eramanda sortzen den [ll] hotsa. Zalantza egiten dugu jakiteko ea -il- edo -ll- idatzi behar dugun.
Badirudi [ll] hots sabaikariak -il- digrama duela baliokide euskara idatzian, eta arrazoi hori medio modu horretan idazten direla, adibidez, hitz hauek: opila, ilargia, berogailua, zilarra, milioia, hilabetea, langilea, kamamila, bilatu, oiloa, maila, kankailua, mutila, makila, artilea...
Kontuan izan behar da, ordea, aipatu berri ditugun hitzek ez dutela bustidurarik euskararen eremu osoan; zenbait eskualde edo euskalkitan bustidurarekin ahoskatzen dira, bai, baina beste batzuetan, aldiz, bustidurarik gabe.
Baina badira beste hitz batzuk beti eta toki guztietan berezko bustidura dutenak, [ll] hotsez ahoskatzen direnak han zein hemen. Horietatik batzuk, Hegoaldean erabiltzen dira soilik: tortilla, menbrillo, kuadrilla, pikillo piper, billete, galtzontzillo, pastilla, parrillero…; beste zenbait Iparraldean ere bai: makillatu, gillotina, karilloi, tailla, gerrilla, billar edota artilleria, besteak beste.
Zein idatzi behar den erabakitzeko, bada, tradizioari erreparatu behar diogu: fonema hori euskalkiren batean [il] ahoskatzen bada, -il- idazkera behar du; aitzitik, tradizioz [ll] ahoskera izan badu, egokia -ll- digramaz idaztea da.
Horrenbestez, eta azaldutakoari jarraikiz, tortilla eta arrautzopila dira jaki goxo horren idazkera zuzenak.


