Hizkera argia, adineko pertsonen eskubideak bermatzeko giltza

hizkera argia eta jende nagusia

egilea: Ander Gartzia Badiola, 

Ikerlan asko dira ondorio berdinera iristen direnak: gizarte-laguntzen ehuneko handi bat ez dira izapidetzen prozedurak ulertzeko arazoengatik edo zailtasunengatik. Izan ere, herritar askok eta askok horma bat ikusten dute Administrazioarekin harremanetan jartzen direnean. Urruntze horretan, beste behin ere, multzorik zaurgarriena adinekoek osatzen dute.

Alde batetik, asko ez dira gai dokumentu ofizialak ulertzeko; portzentaje adierazgarri batek hezkuntza-maila baxua edo osatu gabea du, askok ez zutelako aukerarik izan ikasteko edo eta eskola utzi behar izan zutelako lanean hasteko.

Bestetik, tramitazioak egiterako garaian, maiz, labirinto baten barruan sentitzen dira harrapatuta. Ikusi besterik ez dago adinkeriari buruz CIS Espainiako Ikerketa Soziologikoen Zentroak egindako azterlana, adinagatik pertsonek jasaten duten bazterkeriaren edo aurreiritzien ingurukoa: 65 urtetik gorako inkestatuen artean % 53,9k dio "zaila edo oso zaila" dela izapideak egitea administrazio publikoko erakundeetan. Gainera, hirutik batek azaldu du ez duela aukerarik izan izapideak bulego publiko batean egiteko, eta behartuta egon dela Internet bidez egitera. Kezkagarriena zera da: ia erdiek ez dute asmatu nola egin. Ez da harritzekoa, beraz, nagusienek sentitzen duten etsipena: ikerketaren arabera, 65 urtetik gorako hiru pertsonatik bat baztertuta sentitu da bere adinagatik azken hamabi hilabeteetan.

Azkenik, beste oztopo batekin egiten dute topo: arrakala digitala. Adinekoek ez dauzkate belaunaldi berrietakoek dituzten gaitasun digitalak, guztiok ez baikara modu berean egokitu ohitura berrietara (komunikatzeko, lan egiteko, kontsumitzeko…). Gauzak horrela, askorentzat bereziki zaila da Internetek zabaldu dizkigun bide berrietatik jotzea hainbat eta hainbat tramitazio egiteko: zenbaitek ez dutelako sarbiderik mundu digitalera; besteak ez daudelako ohituta korapilatsuegiak edo nahasiegiak izan daitezkeen webgune eta interfazeetara.

Arrakala hori txikitze aldera, zeresan handia du hizkera argiak: komunikazio zuzen eta garbia lehen urratsa da arrotzegia suma daitekeen zerbait gertukoagoa sentitzeko. Bide horretan, funtsezkoa da Administrazioak apustu hori sendotzea. Bat: baztertu egin behar dira teknizismo eta esaldi konplexuak; helburua beti izan behar du informazioa lehenengo irakurketan ulertzea, zalantzarik sortu gabe. Baliabide eraginkorrak dira, besteak beste, esaldi laburrak, egitura argiak eta hitz arrunt eta ezagunak erabiltzea edo eta informazioa modu logikoan antolatzea. 

Bi: lan egin behar da webguneak, estekak eta plataformak irisgarriagoak, errazagoak eta ulergarriagoak egiteko. Adituen esanetan, besteak beste, formulario bat irekitzeko edo betetzeko ez da batere gomendagarria kanpoko programaren bat deskargatu behar izatea. Horregatik, baliabideak jarri behar dira eremu digitalarekiko egon daitekeen mesfidantza gainditzeko eta erakargarriago egiteko. Zentzu horretan, noski, gertuko hizkera aliatu aparta da. Ez baita ahaztu behar: hizkera argiaren bidez Administrazioa herritarrengandik gertuago kokatuko da, eta, hala, oinarrizko eskubideetarako sarbidea bermatzeko tresna ere izango da. Izan ere, herritarren eskubidea da Administrazioak bidaltzen dizkien testuak ulertzea.

Esteka honen bidez deskargatu dezakezu infografia: Infografia_hizkera argia adineko pertsonen eskubideak bermatzeko giltza.pdf (PDF, 2 MB) (leiho berri batean irekitzen da)