IVAPen Hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak

IVAPeko zuzendaritza taldeak otsailaren 11n onartu zuen ”Hizkuntza irizpideak” izeneko dokumentua. Agiri horrek zehazten du hizkuntza ofizialen erabilera IVAPen. Bertan, jasotzen da, besteak beste, hizkuntza ofizialak nola erabili ahozko harremanetan zein idatzizkoetan edo komunikazio telematikoetan. Itzulpen irizpideak ere finkatzen dira, baita erregistroan edo IVAPek kudeatzen dituen argitalpenetan zer-nolako tratamendua emango diegun bi hizkuntza ofizialei ere. Azkenik, zehazten da errotulazioan, publizitatean edo ekitaldi publikoetan zer-nolako irizpideak hartuko diren kontuan.

Martxoaren 1ean indarrean jarri genuen agiri hau, azken finean, gure erakundeak euskararekin duen konpromiso irmoaren idatzizko adierazpen argia da. Ez gehiago, ez gutxiago.

  • Derrigorrezko hizkuntza eskakizuna egiaztatuta daukaten IVAPeko langileei bi hizkuntza ofizialetan jarduteko gaitasuna aitortzen diegu.

  • Ez da nahikoa IVAPek euskaraz erantzutea administraziora euskaraz jo dutenei. Gure baliabideak kontuan hartuta, euskaraz egiteko gonbita luzatuko dugu.

  • Kalitatezko komunikazio idatzia sustatuko dugu.

  • Komunikazio elebidunetan euskara nabarmenduko dugu.

 

A.1. Herritarrak lehenengo urratsa ematen duenean

 
  • Lehen hitza: beti euskaraz.
  • Elkarrizketa: herritarrak aukeratzen duen hizkuntzan.
  • Hartzaile jakinik gabeko mezuak: euskaraz eta gaztelaniaz, hurrenez hurren.
  • Euskarazko zerbitzua bermatuko dugu.
  • Euskara ondo ez dakien langile bati euskaraz egiten badio herritar batek, eta langileak ikusten badu ez dela gauza zerbitzua euskaraz behar bezala emateko, bere inguruko lankide euskaldunen bati eskatuko dio laguntza.
  • Langileek ezingo diote eskatu herritarrari hizkuntza batean edo bestean jarduteko.
 

A.2. Administrazioen arteko harremana

 
  • Lehen hitza: beti euskaraz.
  • Elkarrizketa: konpromiso pertsonala hartuko dugu euskaraz jarraitzeko, baldin eta solaskidea euskalduna bada.
 

A.3. Jaurlaritza barruko harremana

 
  • Lehen hitza: beti euskaraz.
  • Elkarrizketa: konpromiso pertsonala hartuko dugu euskaraz jarraitzeko, baldin eta solaskidea euskalduna bada.
 

B.1. IVAPek harremana hasten duenean

  • Euskaraz:Hartzaileak (herritarra, beste administrazioa edo gure administrazioko langilea) aldez aurretik euskara hautatu badu.

    -       Ohiko harremana euskara hutsezkoa bada (hautua egin dela ulertzen da).

  • Euskaraz eta gaztelaniaz gainerakoetan, baina euskara hautatzeko aukera emango diogu hartzaileari ohar baten bidez.
 

B.2. IVAPek komunikazio bati erantzuten dionean

 
  • Euskaraz: euskaraz jasotako idatziari.
  • Gaztelaniaz: gaztelaniaz jasotako idatziari. Zerbitzuak gaitasuna badu komunikazioak euskaraz egiteko, euskara hautatzeko aukera emango diogu eskatzaileari ohar baten bidez.
  • Euskaraz eta gaztelaniaz: jasotako idazki elebidunei. Baina erantzun horrek hiru orritik gorako (lau edo gehiago) luzera izango duela aurreikusten dugunean, harremanetan jarriko gara eskatzailearekin galdetzeko zein hizkuntzatan nahiago duen erantzuna, hau da, edo euskara hutsean edo gaztelaniaz.

 

Bi hizkuntzetan prestatu beharreko idazkietan, bi bertsioak batera (langile berak ala bi langilek elkar hartuta) idatzi ahal izango dira, azkenean bidaltzeko. Horretarako, IVAPeko Estilo Liburuan jasotako irizpideak jarraituko dira. Irizpide hau idatzizko komunikazio guztiei aplikatuko diegu.

  • Herritarrak aukeratutako hizkuntza erabiliko dugu.

  • Tramitazioaren azken komunikazioa testu estandarizatua denean, ele bietan jasotzeko aukera emango du.

  • Kanporako idazkiak IZOra itzultzera bidali ahal izango dira bakarrik bi baldintza hauek betetzen dituztenean: Idazkia euskaraz idatzia izatea eta hiru orritik gorako luzera izatea.
  • Gainontzeko kasuetan, testu bat elebietan moldatu behar denean, langileak berak egin beharko du lan hori.

Dena dela, ondorengo irizpideak ere kontuan hartuko dira:

  • Langileek beharra izanez gero, sortutako testua gainbegiratu eta zuzentzeko laguntza izan dezakete. Lan hori nork egin dezakeen kasuan kasuan erabakiko da: zerbitzuko lankideren batek egin dezake gehienetan; trebakuntza programan daudenek trebatzailearen laguntza izan dezakete; eta, azkenik, IZOren laguntza ere izan dezakete kasurik zailenetan.
  • Kanpotik datozen idazkiak itzuliko dira, soilik hartzaileak/izapidetzeko arduradunak ez badu egiaztatuta 3. HE, gutxienez. Edozein kasutan ere, idazkia teknikoki zaila izanez gero (epaia, txostena, eta abar) edukiaren zati erabakiorraren itzulpen laburtua egingo zaio, izapidetu behar duenak ulertu dezan.
  • Erregistroko aplikazioak idatziaren hizkuntza jasotzeko aukera emango du, bai ofizioaren hizkuntza, bai idazkiarena berarena.

  • Dokumentuak idatzita dauden hizkuntzan edo hizkuntzetan erregistratuko ditugu (edo euskara hutsean hala erabakiz gero).

  • Egile-lanak baldin badira, egileak berak sortu duen hizkuntzan argitaratuko dira beti. Dena dela, beste hizkuntza ofizialean ere argitaratu ahal izango dira hizkuntza horretan erabili behar direnean.

  • IVAPek sortutako eskuliburuak, hizkuntzari buruzko materialak eta administrazio-materialak, bi hizkuntzetan sortuko ditugu. Baina hizkuntza bakar batean erabiltzekoak direnean, erabiliko diren hizkuntzan baino ez dira argitaratuko.

  • Bi hizkuntza ofizialetan erabiltzeko prestatuta egongo dira aplikazio guztiak, bai eta bakoitzaren eskuliburuak ere.

  • Euskarazko bertsioa txukuna eta erabilgarria izango da, ez gaztelerazkoaren egokitzapen hutsa. Eta, beharrezkoa izanez gero, dagokion arloko teknikarietako batek gainbegiratuko ditu bertsio biak egokiak eta ulergarriak izan daitezen.

  • Gure ordenagailuetan euskarazko bertsioa lehenetsiko dugu ( Sistema eragilea eta Office paketeak).

  • Edukiak euskaraz eta gaztelaniaz kontsultatzeko moduan egongo dira.

  • Sartzean euskarazko bertsioa aurkituko dugu, eta aukera izango dugu hizkuntza aukeratzeko.

  • Izapideak egiteko aukera ematen dugunean, izapide horiek euskaraz eta gaztelaniaz egin ahal izango dira.

  • IVAPetik kanpoko edukiak gure web orrian barneratzen ditugunean, bi hizkuntza ofizialak modu orekatuan erabiliko ditugu, eta kalitatea zaindu egingo dugu.

  • Euskaraz bakarrik:

    - Errotuluetako hitzek euskaraz eta gaztelaniaz antzeko grafia dutenean.

  • Mezua piktograma batez adierazten denean, eta horrela ulergarria denean, ez dugu zehaztuko ez euskaraz, ez gaztelaniaz.

  • Oro har, euskaraz eta gaztelaniaz.

  • Euskaraz: euskarazko hedabideetan.

  • Euskaraz eta gaztelaniaz: gainerakoetan.

  • Komunikazio-kanpaina kontratatzerakoan, baldintza izango da mezua bi hizkuntzatan sortua izatea (beharrezkoa izanez gero).

  • Organo, egitarau, proiektu, jarduera edota ekintza guztiek bi hizkuntza ofizialetan izango dute izen ofizialaren deskribapena, hala badagokio.

  • Toponimiari dagokionez, izen ofizialak erabiliko ditugu onartuta dauden moduan (edozein hizkuntzatan).

  • Euskararen erabilera bermatuko dute enplegatu elebidunek EAEko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko ekitaldietan.

  • Euskara gaitasun egokiko pertsonak aukeratuko ditugu ekitaldi publikoetarako (EPEak, ikastaroak, jardunaldiak,…).

  • Ekintza publikoen antolamendu fasean, hizkuntzak nola erabiliko diren zehaztuko du IVAPeko arduradunak.

  • Teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerez baliatuko gara euskara eta gaztelania erabiltzean.

  • Barneko bilera formalak (IVAPeko zerbitzuek, atalek zein batzordeek egindako bilerak, langileen artekoak, kanpoko bezeroekin egin beharrekoak, etab.):
    • Gure bilera guztiak euskaraz izan daitezen ahaleginduko gara.
    • Bileran parte hartu behar duten kideren batek euskaraz ezer ulertuko ez balu, beste hizkuntza batean egiteko proposamena egingo du bileraren arduradunak.
    • Dena dela, bilera euskaraz egiteko arazorik egonez gero, bileraren hasieran kideen artean adostuko dute hizkuntzei zein tratamendu eman.
  • Kanpoko bilera formalak (IVAPetik kanpo egindakoak): bilera horietan ere euskarari lekua egiten ahaleginduko gara, nahiz eta bilera euskara ez den beste hizkuntza batean izan.
  • Bileretarako dokumentazioa: bileretan erabili behar dugun dokumentazioa (gai-zerrenda, txostenak, aurkezpenak…) euskaraz egon dadin ahaleginduko gara.
  • Bilera horietatik sortuko den dokumentazioa: Euskaraz egindako bileretatik sortzen den dokumentazioa euskaraz sortuko dugu. Gainontzekoetan, ahaleginduko gara bileretatik sortzen den dokumentazioa (aktak, planak, memoriak, txantiloiak, hobekuntza ekintzak…) euskaraz sortzen.
  • Euskarri digitala (power point) erabiltzeko aukera dagoenean, eta aurkezpen osoa euskaraz egin ezin denean, bi hizkuntza ofizialak txandaka erabiltzen ahaleginduko gara. Esate baterako: ahoz gaztelaniaz esaten duguna euskaraz agertuko dugu pantailan, eta alderantziz. Baina euskara lehenesten ahaleginduko gara. Dena dela, aurkezpenean azalduko diren edukiak paperean banatuko balira, norberaren aukeran utziko genuke hautua: nahi duena euskara hutsez, eta nahi duenak ele bietan.
  • Garrantzitsuak diren gaietan interpretaritza zerbitzua egon dadila ahaleginduko gara.
  • Galdera-erantzunen garaian, galdera egiten den hizkuntza segituko da eztabaida bukatu arte, eta gero esandakoaren laburpena egingo da, galderaren hizkuntza edozein izan eta ere (azalpena euskaraz izan bada, laburpena gaztelaniaz egingo dugu eta alderantziz).
  • Oro har, IVAPeko langileen prestakuntza euskaraz izan dadin ahaleginduko gara. Nolanahi ere, prestakuntza beharren diagnostikoan langileei galdetuko zaie zein hizkuntzatan jaso nahi duten ikastaroa eta hizkuntza-aukerei erantzuten ahaleginduko gara.