Pertsonak eta Antolakunde Publikoak Kudeatzeko Euskal Aldizkariaren printzipio etikoak

Argitalpenen kudeaketa

Artikuluak jaso bezain pronto ebaluatzen dira, honako prozedura hau jarraituta: a) artikulua jaso bezain laster, jaso izanaren adierazpena bidaltzen zaio bidaltzaileari, e-postaren bidez; b) aldizkariaren erredakzioak erabakitzen du atzera botatzea (aldizkariak landutako gaietatik haratago doazen lanen kasuan) ala kanpo ebaluazioaren prozesua hastea, eta horren berri ematen dio egileari; c) gaian adituak diren bi pertsonen ebaluazio anonimoa aplikatzen dio, “itsu-bikoitza” prozedura jarraituta (ebaluazio desegokien kasuan, Erredakzio Kontseiluak testua ebaluatzaile berri bati bidaltzea du); d) eta, azkenik, ebaluatzaileen txostenen arabera, Erredakzio Kontseiluak ondorengo erabakietako bat hartuko du, egileei jakinaraziko zaiena: artikulua onartzeko edo atzera botatzeko behin betiko erabakia. 

Berrikuspen-prozesuan, iradokitako aldaketak egingo dituzte egileek, eta berriz bidaliko zaizkie berrikusleei; orduan, prozesua errepikatu egingo da berrikusleek lana ontzat eman arte. Prozesuan bi berrikusleak bat ez badatoz balorazioan, hirugarren bati bidaliko zaio eskuizkribua, ebaluatzeko.

Egileek erabaki editorialaren aurkako apelazio formala egiteko eskaera aurkez dezakete, baldin eta baldintzak betetzen badituzte eta Pertsonak eta Antolakunde Publikoak kudeatzeko Euskal Aldizkariaren apelazio-politikan deskribatutako prozedurari jarraitzen badiote. Apelazio bakarra onartuko da bidalketa bakoitzeko, eta apelazioaren erabakia behin betikoa izango da.

Ebaluatzaileen txostenak ikusita, Erredakzio Kontseiluak erabaki hauetako bat hartu eta egileari jakinaraziko dio:

  • Dagoen bezala argitaragarria (edo aldaketa txikiekin).
  • Berrikusi ondoren argitaragarria. Kasu horretan, argitaratzeko baldintza izango da eskuizkribua berrikusi dutenek edo Erredakzio Kontseiluak eskatutako aldaketa guztiak egitea egileak. Aldaketak egiteko gehieneko epea hilabetekoa izango da. Egileak gutun bat erantsi beharko du, zer aldaketa egin dituen eta zuzentzaileen eta Erredakzio Kontseiluaren errekerimenduetara nola egokitzen diren azalduz. Proposatutako aldaketetako bat izan daiteke azterlanak beste atal baterako egokitzea. Prozesu hori errepikatu ahal izango da, harik eta berrikusleek artikulua argitaragarritzat edo argitaraezintzat jotzen duten arte.
  • Argitaraezina, baina lana berridazteko eta birbidaltzeko aukerarekin. Kasu horretan, bertsio berri bat birbidaltzeak ez du inolako argitalpen-bermerik ekarriko; aitzitik, ebaluazio-prozesua hasieratik hasiko da berriro.
  • Argitaraezina.

Prozesu guztia batez beste 16 astez luzatzen da, artikulua Idazkaritza Teknikoan (rvgpop@ivap.eus ) jasotzen denetik argitaratzen den arte. Epe hori dirauen bitartean, autoreei eskatzen zaie euren artikulua beste aldizkarietara ez bidaltzea.

Aldizkariak ez du kobratzen idatziak jasotzeagatik edota argitaratzeagatik. Egileek ez dute artikuluaren argitalpenik ordainduko. Izan ere, aldizkariak 450 euro ordainduko ditu argitaratutako artikulu bakoitzeko. Edizioaren kostuak IVAPek bere gain hartuko ditu eta egileek IVAPi jabetza intelektualeko eskubideak transferitzeagatik ordainsaria jasoko dute indarrean dagoen araudiaren arabera.

Pertsonak eta Antolakunde Publikoak Kudeatzeko Euskal Aldizkariak konpromisoa hartzen du argitalpenak kudeatzean testu honetan jasotzen diren estandar etikoak betetzeko. Estandar hauek COPEk (Best Practice Guidelines for Journal Editors) argitaratutakoak erreferentziatzat harturik idatzi dira. Xedea lortzearren, argitalpen-prozesuan parte hartzen duten pertsona guztiek —Erredakzio Batzordeko nahiz Aholku Batzordeko (ebaluatzaileak) kideak eta egileak— honako printzipioak ezagutu eta bete beharko dituzte:

Erredakzio Batzordea

• Erredakzio Batzordeak, artikulu bat onartu edo ez erabakitzeko, dagokion ebaluatzailearen txostena eta honako alderdiak soilik hartuko ditu aintzat: garrantzia, orijinaltasuna, argitasuna eta idatziaren edukiak aldizkarian landu ohi diren gaiekin bat datozen ala ez. Diskriminaziorik eza bermatuko da eta, horrenbestez, ez da egilerik baztertuko honako arrazoiengatik: generoa, sexu-orientazioa, sinesmenak, jatorri etnikoa, jatorria edo orientazio politikoa. Erredakzio Batzordeko kideek mekanismoak eskainiko dituzte hartutako argitalpen-erabakien aurkako apelazioa aurkeztu ahal izateko.

• Erredakzio Batzordeko kideek eta aldizkariarekin lotura duten gainontzeko langileek artikuluen ebaluazio-prozesuetan parte hartzen duten pertsona guztien anonimotasuna babestuko dute uneoro; orobat egileek bidaltzen duten materiala behar bezala zaintzen dela bermatuko dute eta ebaluazio-prozesuarekin zerikusia duten pertsonek soilik (eta ez beste inork) ikusten dutela.

• Lan bat argitaratu ala ez erabakitzeko orduan interes-gatazkarik izanez gero, Erredakzio Batzordeko kideek haren berri eman behar dute. Eta kideren batek interes-gatazkarik badu, erabakitze-prozesutik at geratu beharko du.

• Erredakzio Batzordeak zuzenketak, argibideak, atzera-egiteak eta barkamen eskeak argitaratuko ditu beharrezkoa denean.

• Erredakzio Batzordeak aldizkaria etengabe hobetzeko konpromisoa hartzen du; besteak beste, artikuluen kalitatea, indexazioa eta ikusgaitasuna hobetzen ahaleginduko da. Horretarako, iritzia eskatuko zaie egileei, irakurleei eta Aholku Batzordeari.

• Egileek salaketa larriak egiten badituzte ebaluazio-prozesuaren inguruan eta Erredakzio Batzordeari gaizki jokatu izana edo etika falta leporatzen badiote, batzordeak azalpenak emateko aukera eman behar die.

Egileak

• Egileek beren gain hartzen dute beren idatzien edukiaren ardura eta testua beraiek sortua dela adierazi behar dute. Testuaren egileari dagokionez aldaketarik egin beharko balitz, arrazoiak justifikatu beharko lituzkete, beti ere errebisioaren azken txanda baino lehen.

• Egileek idazkia orijinala eta argitaragabea dela ziurtatu behar dute. Lanaren zati batzuk jadanik argitaratu egin badira, Idazkaritza Teknikoari jakinarazi behar diote, jabetza intelektualaren arloan izan dezakeen eragina aztertzeko. Halaber, bermatu behar dute lana ez dela beste pertsona baten lanaren plagio partzialaren edo osoaren emaitza eta ez dutela nahita aipu bibliografikorik aipatu gabe utzi.

• Egileek beren idazkiak Pertsonak eta Antolakunde Publikoak Kudeatzeko Euskal Aldizkarira bidaltzen badituzte hark ebalua ditzan, ziurtatu beharko dute beste argitalpen bat ez dela aldi berean lanok ebaluatzen ari.

• Egileak edo egileek idazkiaren ebaluazio-prozesuan interes-gatazkaren bat dagoela edo egon litekeela jakin badakite, egoera horren berri eman beharko diote Idazkaritza Teknikoari. Horiek horrela, eskubidea izango dute Idazkaritza Teknikoari argitalpenaren Erredakzio Batzordeko kideekin edo balizko ebaluatzaileekin dituzten edo izan ditzaketen interes-gatazken eta arrazoien berri idatziz emateko.

• Egileek eskubidea dute aztertzaileek egindako ebaluazioen edukien berri izateko, eta eta dagozkion hobekuntzak egin beharko dituzte, baldin eta erabakia "argitaragarria" eta "berrikusi ondoren argitaragarria" bada.

•Itsu bikoitzeko prozesuaren osotasuna bermatzeko, egileek ez dute identifikatzeko moduko aipamenik egin behar, ezta autoaipamen gehiegi ere. Egiten badira, modu neutroan egin behar dira, ebaluazio itsuan testua irakurrita autoaipamen gisa identifikatu ez daitezen.

Egileek aldizkariaren estilo- eta argitalpen-arauak betetzeko konpromisoa hartuko dute.

 

Ebaluatzaileak

• Artikulu bat ebaluatzeko onartu ostean, aztertzaileek ezarritako epeak bete beharko dituzte, eta betetzea posible ez balitz, Idazkaritza Teknikoari jakinarazi beharko liokete behar besteko aurrerapenaz.Berrikuspen bat egiteko gehieneko epea hilabetekoa izango da. Garrantzitsua da berrikuspena garaiz bidaltzea, Erredakzio Kontseiluak erantzun azkarra berma diezaien egileei.

• Berrikusketa egitean objektibotasuna, konfidentzialtasuna eta inpartzialtasuna bermatuko dira.

• Ebaluatzaileek konpromisoa hartzen dute egileak aipatu gabe utzi dituen eta artikuluan lantzen den gaiarekin lotura duten lan aipagarrien datu bibliografikoak eskaintzeko.

• Ebaluatzaileek jasotako lanak interes-gatazkarik eragiten dien jakinarazi beharko dute, eta hala balitz, ez lukete berrikuspen-prozesuan parte hartuko.

• Ebaluatzaileek Idazkaritza Teknikoari jakinarazi beharko diote ebaluatutako idazkiak aldizkariaren politika etikoa urratzen badu eta/edo ekoizpen zientifikoaren oinarrizko arauak betetzen ez baditu (plagioa, emaitzak zintzoki ez aurkeztea, asmaketa, faltsutzea, manipulazioa edo/eta ebidentziak isilean gordetzea).

Artikulu labur bat ebaluatzen dutenei gomendatzen zaie ebaluazio laburrak eta konstruktiboak egitea: berrikusketa indarguneekin hastea komeni da, kritikak egin eta hobetu beharreko alderdiak aipatu aurretik. Eskuizkribu bat berrikusten duenak irakurle informatu baten rola hartu behar du, eta egileak animatu eta lagundu beren lana goragoko maila batera eraman dezaten, lan hori garatzeko dituzten gabeziei aurre egiteko ideiak emanez eta haien ikuspegia ulertzen saiatuz, gauzak beste modu batera ikusi arren. Iruzkinen xedeak arrazoizko hobekuntzak gomendatzea izan behar du, tonu hezitua eta inpertsonala erabiliz. Adeitasun profesionala erakutsi behar da; ebaluatzen duenak pentsatu behar du zer jaso nahiko lukeen berak bere artikulu bati buruz. Ez da onartuko ad hominem iruzkinik.

Ebaluatzaileek, eskuizkribuak ebaluatzean, kontuan hartuko dituzte espezialistak diren eremuko alderdi espezifikoak, haiei buruzko iruzkinak beren esperientzia erabiliz egiteko.

Ez da beharrezkoa edizioko akats txikiak edo tipografikoak adieraztea: Idazkaritza Teknikoak ziurtatuko du konposizio tipografikoaren fasean konpontzen direla. Gure prozesuek bermatzen dute eskuizkribua berrikusten dutenek ikerketan soilik zentratu ahal izatea.

Berrikusleek eskatzen badute, behar ez den moduan, beraiek argitaratutako artikuluak (edo haien laguntzaileenak) edo aldizkaria aipatzea, aipamen horiek ezeztatu eta ordeztu ahal izango dira berrikuspenean.

Berrikusleek komunikazio konfidentzialak erabiltzen ari direlako premisarekin jasotzen dituzte bidalitako artikuluak. Beraz, ez dute hitz egin behar berrikuspenari buruz, eta ez diote beste inori inolako edukirik jakinaraziko. Era berean, berrikusleek ez dute erabili behar berrikusten ari diren lanaren ezagutza beren interes pertsonalak sustatzeko.

Berrikusleek emango zaien ebaluazio-galdetegia (leiho berri batean irekitzen da) osatuko dute, hauek ebaluatzeko: zorroztasun zientifikoa, kalitatea, originaltasuna, hipotesien oinarri den informazioa eta datu teorikoen eta/edo enpirikoen eta haien interpretazioaren baliozkotasuna, azterlanaren egokitasuna eta garrantzia bere ikerketa-arloan arazoak eztabaidatzeko, testuaren aurkezpena eta idazketa, eta berrikusi beharreko eskuizkribuan aipatutako bibliografiaren egokitasuna. 

Galdetegiko atal batean, eskuizkribuari buruzko ebaluazio-txosten labur bat bete beharko da. Berrikuspen-txostenak egiaztatu egingo dira, egileei eskuizkribuen kalitatearen ebaluazio konstruktiboa bermatzeko. 

•Hona hemen ebaluazio-txostena betetzeko gomendioak:

  • Laburbildu artikulua paragrafo labur batean.
  • Aipatu artikuluaren iritzi nagusiak: berria eta interesgarria den, eragin nahikoa duen eta informazioa ematen dion ezagutzen oinarriari.
  • Ahal dela, iruzkinak egiteko, erabili paragrafo labur eta ondo definituak.
  • Adierazi Erredakzio Kontseiluari zein ataletan egokitzen den eskuizkribua.
  • Ebaluatu artikuluak aldizkariaren argitalpen-arauak betetzen dituen.
  • Iruzkin eta iradokizun espezifikoak egin; adibidez, izenburuak zintzoki islatzen al du edukia? Laburpena osoa eta independentea da?
  • Berrikusi laburpen grafikoak edo puntu nabarmenak.
  • Egin iruzkin faktikoak soilik, eta ez espekulatu egileen motibazioei buruz.
  • Berrikusi arretaz metodologia, estatistika-akatsak, emaitzak, ondorioa/eztabaida eta erreferentziak.
  • Kontuan hartu artikuluko datuen aurkezpenari buruzko iruzkinak, edozein metodologiaren iraunkortasuna eta erreproduzigarritasuna, datuen analisia eta ondorioek datuen babesa duten.
  • Plagioaren edo faltsifikazioren susmorik edo bestelako kezka etikorik izanez gero, jakinarazi editoreari, ahalik eta xehetasun gehien emanez.
  • Kontuan izan zure berrikuspenean izan litezkeen lerratzeak. Lerratze inkontzienteek erabaki eztabaidagarriak hartzera eraman gaitzakete, eta horrek eragin negatiboa izan dezake argitalpen akademikoaren prozesuan.
  • Dokumentuaren ondorengo berrikuspenek galdera berriak sor baditzakete ere, ziurtatu funtsezko puntuak aipatzen dituzula, egileek behar duten atzeraelikadura guztia hasierako txostenean emateko.
  • Ziurtatu txostena Erredakzio Kontseiluarentzako gomendio argi batekin amaitzen dela. Zuk daukazu esperientzia artikuluak jorratzen duen arloan, eta zure orientazioa oso baliagarria da.

Plagioa eta jokabide ezegokia

Honako hauek hartuko dira plagiotzat: beste egileen edo artikuluen ideiak edo esaldiak norberarena balitz bezala eta jatorrizko lana bezala aurkeztea edo kopiatzea, jatorria aipatu gabe edo behar bezala aipatu gabe; eta beste egile batzuen esaldien eta ideien gehiegizko erabilera.

Bestalde, jokabide zientifiko ezegokitzat joko dira honako hauek: argitaratzeko bidalitako jatorrizko dokumentuan jasotako ikerketa-datuen zati bat edo guztiak asmatzea; datuak faltsutzea edo manipulatzea; egiletasun-gatazkak eta egiletasun faltsua.

Egileren batek jokabide ezegokia izan duela edo plagioa egin duela antzematen bada, eta egilearen azalpenak argigarriak ez badira, artikulua atzera eramateaz gain, Erredakzio Batzordeak IVAPen zuzendaritzari proposatuko dio egoki jotzen dituen neurriak hartzeko, eta egileek bere gain hartu beharko dute besteren eskubideak urratzearen eta dokumentu honetan jasotako printzipio etikoak ez betetzearen erantzukizuna.

Adimen Artifizialaren erabilera (AA)

Egileak

Jasotzen diren artikulu guztiak antzekotasunak atzemango dituen plagioaren aurkako tresna baten bidez aztertuko dira, originala dela bermatzeko. Originaltasun-arrazoiengatik baztertzea erabakiz gero, egileei jakinaraziko zaie, plagioaren aurkako tresnaren txostenarekin batera. Editoreek banan-banan baloratuko dituzte baztertzekoak diren kasuak.

Egileek adimen artifiziala erabili ahal izango dute, baldin eta zinpeko adierazpen batean informazio hau jasotzen badute: zer tresna eta zer bertsio erabili duten, zer atal sortu duten AA baliatuta, zertarako erabili duten eta kontsulta noiz egin den. Egileen erantzukizuna da aurkeztutako lanaren zehaztasuna eta osotasuna bermatzea, eta, hortaz, informazio guztia kontrastatu eta egiaztatu beharko dute.

Era berean, aipamenei buruzko atalean, erabilitako tresnaren berri eman beharko dute. Adibidez: Entitate erantzulea. (Argitalpen-urtea). Tresnaren izena, letra etzanean (bertsioa) [deskribapen gehigarria]. URL.

Hala eta guztiz ere, debekatuta dago AA erabiltzea datuak sortu, aldatu, desitxuratzeko edo faltsutzeko; bai eta irudiak eta figurak manipulatzeko.

AA erabiltzeak dakartzan arriskuak minimizatzeko, gomendatzen dugu konfidentzialtasuna bermatzen duen tresna bat erabiltzea edo datuak anonimo bihurtzea sartu aurretik.

Errebisoreak

AA sortzailea duten tresnak, hala nola ChatGPT, Gemini, Copilot, etab., modu mugatuan erabili behar dira parekoen berrikuspenean. Jatorrizko lan bat berrikusten duenak erabil dezake AA sortzailea, parekoen berrikuspen-txosten baten atzeraelikaduraren kalitatea hobetzeko. Hala egiten badu, ordea, berariaz jakinarazi beharko dio aldizkariaren idazkaritza teknikoari, parekoen berrikuspenaren txostena bidaltzen duenean.

Erabilera mugatu hori gorabehera, errebisoreek ez dute ebaluatzen ari diren jatorrizko lanik kargatu behar AA sortzailearen tresna edo zerbitzuetan, ezta zatirik edo figura eta taularik ere). Tresna horiek jatorrizkoan dauden datuak beren entrenamendurako edo beste zerbaitetarako erabil ditzakete, eta horrekin urratu egingo lirateke parekoen berrikuspen-prozesuaren konfidentzialtasuna, egile eta berrikusleen pribatutasuna eta berrikusten ari den jatorrizkoaren gaineko egile-eskubideak. Gainera, parekoen berrikuspen-prozesua giza ahalegin bat da, eta berrikuspen-txostenaren gaineko erantzukizuna eta kontuak emateko ardura jatorrizkoa berrikusteko gonbidapena onartu duen pertsonari dagokio. Prozesu hori ezin da AA sortzaile baten esku utzi.

Azken aldaketako data: