Konpetentzia probak

IVAPen webguneko atal honetan, konpetentziak ebaluatzeko proben alderdi garrantzitsuenak azaltzen dira: zer neurtzen duten, zer enuntziatu mota dituzten, nola ebaluatzen diren eta nola eskuratu daitezkeen proba osoak edo intereseko adibideak, funtzio publikora sartu nahi duten pertsonentzat.

Gai horietan sakontzeko, honako esteka hauek daude eskuragarri:

IVAPek erabiltzen dituen probak, deskribatzen direnak goian agertzen diren esteketan, konpetentzia-profilaren elementuak neurtzeko dira. Konpetentzia-profilaren elementuak ikerketaren bidez egiaztatu dira, eta baliagarriak dira mota guztietako lanbide-profilak neurtzeko. Era berean, konpetentzia-profilaren elementu horiek lotuta daude EKI Planaren esparruan egindako konpetentzien hiztegiarekin (PDF, 36 MB) (leiho berri batean irekitzen da).

Konpetentzia profilaren elementuak lanbide-konpetentziak osatzen dituzten alderdiak dira, eta, ezagutzak alde batera utzita (deialdietako gai‑zerrenden arabera ebaluatzen dira), honako bloke hauetan sailka daitezke:

  • Gaitasunak
  • Nortasunarekin lotutako alderdiak
  • Trebetasunak (mentalak eta pertsonen artekoak)

IVAPen probek konpetentzia-profilaren zerrendan jasotako alderdiren bat neurtzen dute. Kasu bakoitzean, hautaketa-prozesuen deialdietan neurtu beharreko lanpostuaren edo lanpostuen analisiaren bidez identifikatzen dira. Lanpostuaren azterketa hori egiteko, lanpostuan adituak diren langileek emandako informazio kuantitatiboa eta kualitatiboa biltzen da, hau da, lanpostua bete duten edo haren jarduna gainbegiratu duten pertsonak.

Konpetentzia-probak sailkatzeko hainbat modu daude. Arlo akademikoan eta lanbide-arloan onartutako sailkapen batek ebaluazio psikometrikoko probak eta konpetentzia-probak bereizten ditu.

Administrazio Publikoko hautaketa-prozesu askotan ebaluazio psikometrikoko probak, hautaketa-elkarrizketak eta konpetentziak ebaluatzeko probak (Assessment Center, adibidez) erabiltzen dira, izangaien ezagutzak ez ezik, gaitasunak, nortasun-ezaugarriak eta trebetasunak ere neurtzeko. Webgune honetan azaltzen da zer diren proba horiek, zer neurtzen duten, zer item mota dituzten, nola zuzentzen diren edo nola ezartzen zaien baremoa, eta baliabideak eskaintzen dira oposiziogileek antzeko ariketekin praktikatu ahal izateko.

Entrenatzeko webguneetarako estekak informazio gisa soilik ematen dira. Online baliabide horiek eskaintzen dituzten proba mota zehatzek, erabilitako baremo eta emaitzek ez dute zertan bat etorri oposizioetako azterketetan erabiltzen diren proba, baremo eta emaitzekin.