1. Jarraibideen helburua

IZOk xede bikoitza lortu nahi du itzulpen-zerbitzua emanda: batetik, kalitatezko euskarako testu eta solasak sortzea, eta, bestetik, euskarazko testugintzarako oinarri sendoak eskaintzea, euskararen normalizazioaren mesedetan. IZOren lan-esparrua Eusko Jaurlaritzako sail eta organismo autonomoei lotuta ia erabat. Batez ere, hiru arlo jorratzen ditu, euskararen eta gaztelaniaren artean: itzulpena, berrikusketa eta interpretazioa.

Gaur egun, Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko irizpideak indarrean jarri zirenez gero (EAEko Administrazio Orokorraren eta hari atxikitako Sektore Publikoaren Hizkuntza Irizpideak - Euskera planak - Hizkuntza Politika - Euskadi.eus) are argiago dago euskararen normalizazioa ez dela soilik itzulpengintzaren kontua, eta gutariko bakoitzari dagokigula hizkuntza erabiltzea eta lantzea. Sail bakoitzak hartu behar du euskararekiko erantzukizuna eta ardura. Itzulpengintzak erreferentziazko oinarriak jarri behar ditu, hutsuneak betetzen lagundu behar du, baina inola ere ez da gobernuko hizkuntza-politikaren hutsuneen estalgarri.

Bestalde, belaunaldi gaztea hasi da odola berritzen… Funtzionario asko dago trebatuta euskaraz lan egiteko; Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana daukagu gidari. Itzultzaile, zuzentzaile, interprete eta terminologoak ez ezik, euskara-teknikariak eta trebatzaileak ere baditugu lagun eta baliabide ugari, oso eskura: hiztegiak, ereduak, corpusak, Dudanet, IDABA… Azken aldian, itzultzaile automatiko neuronalak ere hor daude erabilgarri; baina, arretaz erabili behar dira, ez baitute magia egiten. Aho biko ezpata izan liteke tresna hori, behar bezala erabiltzen ez bada.

ITZULNET aplikazioa darabilgu IZOn, eskabideak tramitatzeko. Lagungarri ikusi dugu tresna honi buruzko jarraibideak ematea, eta, bide batez, erabiltzailearen eskuliburua moldatu eta eguneratzea: ondo dakizuenez, IVAPeko zuzendariak zirkular bat onartu zuen 2026ko ekainaren 12an, eta horren arabera egokitzeko.

Kalitatezko itzulpenak egiteko, arrazoizko epeaz gain, beste zenbait alderdi ere kontuan izan behar dira. Testuek behar bezala landuta egon behar dute, jarraibide hauetan azaltzen den bezalaxe, eta zorrotz errespetatu behar dira eskabideak egiteko ezarritako baldintzak. Testuek ez badituzte betetzen ezarritako baldintzak, dokumentua atzera botako dugu, zuzendu dadin, eta horrek itzulpena amaitzeko data atzeratzea ekarriko du.

Beraz, labur esateko, helburu hauek dituzte honako jarraibide hauek: funtzionario kideei IZOko tramitazioa erraztea; gure solaskideak hasi berriak badira, nondik nora jo behar duten zehaztea; oro har, sarritan agertzen diren zalantzak, alde ilunak, urrats ezezagunak argitzea.

Jarraibide hauez gainera, lagungarri izango direlakoan, IZOren zerbitzuei buruzko informazio gehiago daukazue hemen eta IZOren zerbitzu-karta, hemen. Gurekin harremanetan jartzeko eta zalantzak argitzeko, hau da gure helbide orokorra: izo@ivap.eus.