2. ITZULNETen eskaerak egiteko jarraibideak

IZOk Administraziorako egiten du lan. Eusko Jaurlaritzako sailak eta bere organismo autonomoak dira gure bezero.

Nolanahi, EHAArako testua bada, dela itzultzeko, dela berrikusteko, Eusko Jaurlaritzako sailak eta bere organismo autonomoa ez diren gainerako erakundeei ere egiten diegu lana.

Itzultzeko edo berrikusteko dokumentuak eta interpretazio-saioak, ezinbestean, gure ITZULNET* aplikazioaren bitartez eskatuko zaizkio IZOri, bai XLNetS bidez (aplikazioen gunetik), bai ziurtagiri digitala erabiliz (txartela); edo helbide honetatik:

Nolanahi, aplikazioan eskaera egiteak ez du esan nahi IZOk lan hori onartu duenik, gure uneko lan-bolumenaren arabera erabakiko dugu.

Aplikazioa ez badago erabilgarri, CAUra deitu behar da (440) egoera konpon dezan.

ITZULNET aplikazioaren bitartez, solaskideak momentu oro bere eskaeraren egoera ikus dezake. Aurrekontua eskatzen denean, onartu egin beharko da IZO espedientea tramitatzen has dadin, bestela, itxi egingo da espedientea. Itzulpen eta berrikusketen kasuan, lana amaitutakoan, aplikaziotik jaisteko moduan izango da testu itzuli edo berrikusia.

(*EHAArako testuak, nolanahi, boletineko aplikaziotik ere eska daitezke.)

IZOren prezio publikoak Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren 2022ko ekainaren 20ko AGINDUAn daude finkatuta, (AGINDUA, 2022ko ekainaren 20koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak ematen dituen jarduera eta zerbitzuen prezio publikoen diru-zenbatekoa ezartzen duena) , eta IZOren helburuak eta lehentasunak islatzen dira bertan. Ez dute dirua biltzea helburu, Jaurlaritzaren Administrazioko sail eta organismo autonomoen itzulpen-politikan eragitea baizik.

IZOren prezioak garrantziaren alderantzizkoak dira: garrantzizkoak merkeenak dira eta errazak garestienak, bai itzultzeko, bai berrikusteko.

Bestalde, testuak gaztelaniara itzultzea euskaratzea baino askoz merkeagoa da, euskarazko sorkuntza bultzatze aldera.

Noren izenean joango da faktura?

Faktura lana eskatzen duen pertsona eta entitatearen izenean joango da.

Ez eskatu lanik beste inoren izenean.

Lan bakoitzeko tartea edo epea IZOko aplikazioak proposatzen du, orokorrean. Gero negozia daiteke, kasuan kasu, hainbat baldintzaren arabera (testuaren zailtasuna, luzera, errepikakortasuna, unean-uneko lan-karga…). Hau da, aplikazioaren epea ez da beti behin betiko epea, negozia daiteke, baina ezinbestekoa da IZOk emandako epe-proposamenari erantzutea, lana onartu eta egingo bada. Eskaera ez da bukatzen IZOra bidalita; ez bazaio epe-proposamenari erantzuten, espedientea bertan behera geratuko da.

IZOren epea aintzat hartu behar da beti, baina are gehiago kasu hauetan: testua EHAAn argitaratu behar denean eta testua Gobernu Kontseiluan aurkeztu behar denean, besteak beste. Ez inoiz eguna hartu ez baterako ez besterako, aurretik IZOko erantzuna jaso gabe.

Orobat, EHAAra doazen denak, eta IVAPeko zuzendariak 2026ko ekainaren 12an sinatutako zirkularrean zehaztuta datozenak.

Honako lan hauek hartuko ditugu, itzultzeko edo berrikusteko:

  • EHAAn argitaratzekoak direnak
  • EAEko lege- eta arau-xedapenak, bai eta haiei lotutako txostenak ere (herritarrek eskatuz gero)[1]
  • Espainiako lege-xedapenak (Estatuko Aldizkari Ofiziala)
  • Europar Batasuneko arau-ondarea
  • Enplegu publikorako eskaintzetako azterketak (IVAPek prestatutakoak) eta hitzartutako azterketak

Honako hauek ez ditugu ez itzuliko, ez berrikusiko:

  • Gutunak
  • Aktak
  • Aldizkarietako artikuluak
  • Sail edo erakunde bakoitzeko barneko planak
  • Sail edo erakunde bakoitzeko barneko txostenak
  • Kontratatutako enpresei agindutako dokumentuak: azterketak, txostenak, ikastaroak, planak…
  • Gidaliburuak
  • Aplikazioak, web-orriak
  • Liburuak
  • Esloganak
  • Ebaluatzekoak diren testuak

[1] 6/2022 Legea, ekainaren 30ekoa, Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurarena. 24.4 artikulua.

Formatua

Dokumentu-formatu jakin batzuk behar ditu IZOk, testuak behar bezala itzuli eta berrikusiko baditu. IZOk itzulpen-lanean testua editatu, manipulatu eta moldatu behar du, eta, beraz, formatuak bat etorri behar du, ezinbestean, gure aplikazioekin eta prozedurekin.

1. PDF formatua

Itzuli edo berrikusi beharreko testua PDF formatuko fitxategi batean dagoenean, testu editagarri bat eskuratu edo landu behar da itzulpena edo berrikusketa egiteko.

Aukerarik onena da PDF formatuko fitxategia sortzeko erabilitako jatorrizko dokumentua lortu eta hura bidaltzea.

2. Argazkiak eta irudiak

Dokumentuetako irudiak ez dira editagarriak. Irudietako testua itzultzea nahi izanez gero, formatu editagarrira atera behar da, eta horrela bidali IZOra. Itzuli beharreko dokumentuan editagarri ez den irudia aurkituz gero (grafikoren bat, adibidez), bere horretan utziko da, itzuli gabe.

3. Excel-liburuetatik datozen diagramak

Excel-liburuetatik datozen edukiek editagarri izan behar dute.

IZOk ez du bere gain hartuko testua eta diagramak editatzeko lanik. Solaskideak berak egin beharko du edizio-lan hori.

Testuen edizioa

Oso-oso garrantzi handikoa da testua ondo editatuta egotea, etenik gabe eta esaldiak osorik dituela, bestela, ordenagailuz lagundutako itzulpengintzarako programetan ezin dira testuak egoki prozesatu eta zaildu egiten da itzulpen-prozesua. 

1. Aurkibideak ondo eratuta:

Dokumentu luze bat aurkibideari lotuta antolatuz gero, egoki editatuta egon behar dute hiperestekek eta loturek. Jatorrizkoan ondo ez badago, ezinezkoa izango da euskarazko bertsioan ondo egotea. Gogoratu behar dugu oso zaila eta lan nekeza dela gerora aurkibidea berrantolatzea, eta zeregin hori eskatzailearen esku geratuko dela.

2. Esaldiak egoki eta osorik:

    • Ez eten esaldi eta sintagmak paragrafo-markekin (¶).
    • Ez eten esaldi eta sintagmak tabulazioekin.
    • Ez eten esaldi eta sintagmak sekzio-jauziekin.
    • Ez eten esaldi eta sintagmak testu-koadro bereizietan.
    • Itzulgaia ez bidali letra gorriz, ahal dela.
    • Ez jarri izen luzeegiak fitxategiei, eta huts-tarterik ez utzi, jarri marra (goikoa, behekoa…). Izenean erabilitako karaktereak sinpleak izango dira, ezin dira erabili honako hauek: dieresiak (ä, ë, ï, ö, ü), letra batzuk (“ñ”, “ç”…) , galdera edo harridura-sinboloak, eta, oro har, era guztietako sinboloak.

Testu baten zati bat bakarrik itzuli behar denean:

  • Dokumentu batean, itzuli nahi den testu-zatia bakarrik bidaliko da, baina itzuli ahal izateko, bi baldintza: gutxienez, 150 hitz, eta unitate minimoa BETI paragrafo osoa izanik (ez zati edo hitz solteak). Itzultzeko bidaltzen den jatorrizko testuan EZIN dira BI hizkuntzak (ES+EU) batera agertu, dokumentu berean nahastuta daudela (ez bi zutabetan, ez modu integratuan...). Beraz, nola bidali behar da?
  • ITZULI BEHARREKOA aparteko dokumentu batean aurkeztu beharko da, garbi, paragrafo osoak dituela (sekula ere ez bi hizkuntzak nahasian direla).
  • ERREFERENTZIA modura, beste dokumentu batean, testu osoa bidaliko da, testuingurua zein den jakiteko lagungarri.

Testuingurua eta erreferentziak

Testu batzuk ulertzeko, beharrezkoa izaten da haien aurrekari eta erreferentziak ezagutzea: adibidez, Legebiltzarrerako erantzunen kasuan. Erabat beharrezkoa da aurrekari eta erreferentzia horiek helaraztea. Beraz, kontuan izan beti BI puntu hauek:

1. Datu osagarriak

ITZULNET bitartez espedientea sortzen denean, ondo zehaztu lagungarri diren datuak:

    • Oharrak:
      • Aurrekariak
      • Isilpekoa bada nori eskatu behar zaion pasahitza…
    • Aurrekariak
      • Dokumentu horrekin zerikusia duten IZOko espedienteak…

2. Erreferentziako fitxategiak

Horrez gain, egotekotan, lagungarri izan daitezkeen erreferentziako fitxategiak ere dokumentuarekin batera bidali behar dira:

    • Testuaren aurreko bertsioak
    • Lotura duten testuak...

3. Hitz-kopuru minimoa

IZOk ez du onartuko hitz solteak edo testu txikiak itzultzeko espedienterik. Itzulgaia onartzeko, testuak 150 hitz izan behar ditu gutxienez. Hortik beherako kopurua izanez gero, bertan behera geratuko da espedientea. Testu labur horiek prestatzeko, lagungarri izan daitezke lankideak, Idazlagun zerbitzua IDAZLAGUN. Zuzenketa zerbitzua - Euskara - IVAP, euskara-teknikaria, IDABA Itzulpenen Datu-Basea eta bestelako hizkuntza-baliabideak Itzultzaile Administratiboa.

4. Espediente bakarra

Testu laburren multzo bat itzultzera edo berrikustera bidali behar denean, eta ezaugarriak berdin-antzekoak direnean (epea, tarifa…), hobe da espediente bakar bat erabiltzea horretarako, edo dokumentuak banan-banan igota edo ZIP batean bilduta; bi aukerak ematen ditu ITZULNETek. Dokumentu bakoitzeko espediente bana sortzen bada, kudeaketa-lana ere asko luzatzen da guztion kalterako.

Prezioari dagokionez, garrantzitsua da jakitea, batetik, espediente laburrei gutxieneko prezioa aplikatzen zaiela (20,66 €, BEZik gabe) eta, bestetik, 1.000 hitzera arteko espedienteetan ez direla aplikatzen itzulpen-memorietako kointzidentzien prezio-murrizketak.

EHAAn argitaratzeko diren espedienteek trataera berezia dute, bai formatu aldetik, bai bestelako prozeduretan ere, eta oso kontuan izan behar dira jarraibide guztiak:

1. EHAA formatua (argitaratzeko)

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko bada, espedienteari lotutako dokumentu guztiak EHAA formatuan bidali behar dira. EHAAko formatuari buruzko xehetasunak esteka hauetan aurkituko duzue, “Menu Nagusiaren” “Idazketa Arauak” atalean .

2. EHAA formatua (tramitatzeko)

Testua momentuz ez bada argitaratu behar, baina etorkizunean argitaratuko dela aurreikusten bada, kasu honetan ere, EHAA formatuan bidali behar dira dokumentuak. Horrek asko laguntzen du itzulpen-memorietan testua berreskuratzerako.

3. Beti BINAKA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko dokumentu guztiak (itzulpenak nahiz berrikusketak) bikoiztuta bidali behar dira ITZULNETetik*; hau da, gaztelaniazko bertsioari C jarrita, eta euskarazkoari E (nahiz eta oraindik itzuli gabe egon). Arau hau dokumentu guztiekin bete behar da, bai nagusiekin bai eranskinekin, tramitatzerakoan aplikazioek beti eskatzen dituztelako bi bertsioak (C eta E).

*Buletineko aplikazioa erabiliz gero, ez da zertan bikoiztu, aplikazioak berak bikoizten baitu.

4. Beti ZIP batean

Goian esan bezala, beti binaka joan behar dute dokumentuek, eta, gainera, beti joan behar dute ZIP baten barnean sartuta. Ez sartu, beraz, espedientean dokumentuak solte (docx), arazoak sortzen baitira sinaduraren kudeaketan.

5. Estekak EU

Berrikusketa-espedienteetan URL edo estekak aipatzen badira, euskarazko bertsioan euskarazko eredura doazenak jarri behar dira. Itzulpen-espedienteetan ere, euskarari dagokion dokumentuan, berdin jokatu behar da: euskarazko eredura doazen URL edo estekak jarri behar dira euskarazko bertsiorako.

6. EHAA-EPEA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian testua argitaratzeko data hitzartu aurretik, nahitaezkoa da Itzultzaile Zerbitzu Ofizialarekin harremanetan jarri eta itzulpena edo berrikusketa egiteko epea finkatzea (eta ez alderantziz). Argitalpena prestatzeko, denbora behar da; baina testuak itzultzeko edo berrikusteko ere bai.

Bi eratakoak izan daitezke, eta bakoitza bere bidetik kudeatzen da.

EHAArako direnak IZOn egingo ditugu, ohiko bidetik (ITZULNET).

EHAArako ez direnak, Idazlagun zerbitzuaren bidez kudeatu eta landu daitezke (ivapidazlagun@gmail.com).

Berrikusketa bat eskatzen denean, dokumentuaren itzulpena non eta nola egin den adierazi beharko da, ITZULNET bidez egindako eskaeraren 3. URRATSEAN: Eskaera-datuetan adierazita. Kontuan izan behar da beti, euskarazko bertsioan agertzen diren irudiak, oharrak, URLak eta abarrak ere euskaraz egon behar direla.

Berrikustera bidaltzen diren testu elebidunek landuta eta bukatuta egon behar dute, ez dira zirriborro hutsak izango. Dokumentu-eredu batean oinarrituta osatutako testuei zein hutsetik sortutakoei dagokie baldintza hori. Bukatu gabeko testuak edo zirriborroak bidaliz gero, nahasgarri gertatzen da, eta oztopatu egiten da lana. Horrelakoetan, posible da espedientea bertan behera uztea testu elebidun egokiak jaso arte.

  1. EHAAn argitaratzeko testu elebidunak

EHAAn argitaratzekoak diren testu elebidunak arreta handiz egin behar dira, eta egileak hartu behar du bere gain bi bertsioen erantzukizuna (euskarazkoarena ere bai). Beraz, euskarazko testuaren hizkuntza-egokitasunari dagokionez, begiratu behar da ondo ea data eta datu guztiak egokiak diren eta errespetatu egin behar dira IZOk proposatutako ereduak, ezarritako arauak eta emandako jarraibideak. Arau hau bete ezean, atzera bota daiteke espedientea.

  1. Itzultzaile automatiko neuronalaz egindako testuak

Itzultzaile automatiko neuronalak asko lagun dezake bi hizkuntzetan lan egiteko orduan, bigarren hizkuntzako bertsiorako oinarria eskaintzen digulako oso denbora laburrean. Baina IAN erabilita sortutako testuak ez dira bere horretan erabilgarriak. Hizkuntza-maila egokia duen pertsona batek zuzendu behar du zorrotz eta testua egokitu. 62/2023 Ebazpena (‘2.2.5. Sortze-hizkuntza’ puntuko ‘Itzulpen-irizpideak’ atala).

“(…). Lan hori errazte aldera, itzultzaile neuronalen laguntza izango dute langile guztiek.

Itzultzaile neuronalek egindako itzulpenen kalitate-maila handia da, baina muga batzuk dituzte; horregatik, funtsezkoa da testuak berrikustea eta, beharrezkoa denean, zuzenketak egitea. Itzultzaile neuronalen erabiltzaileak izango dira sortu dituzten testuen eta testu horiek zabaltzeak izan ditzakeen ondorioen erantzule zuzenak. “

Testu-mota batzuk oso bereziak dira euren eragina eta zabalkundea kontuan hartuta. Bi hizkuntza ofizialetan baliokideak izan behar dute, eta eragin zuzena dute gizartean, luzaroan. Horrelakoak dira, esate baterako, lege-aurreproiektuak, eta azterketak. Bi hizkuntzetan emaitza ona lortzeko, idazketa elebiduna edo korredakzioa da biderik egokiena, zalantzarik gabe. Idazketa-mota honetan, testu-sortzailea (arloko aditua edo legelaria) eta itzultzailea (hizkuntza-aditua), edo beste figuraren bat, aldi berean edo elkarrekin oso estu arituta sortuko dute testu elebiduna. Baliokidetasuna bermatuta dago, hartara.

Tramitagunen agertzen da testu elebiduna korredakzioan sortzeko aukera, lege-aurreproiektua tramitatzerakoan. IZOk automatikoki jasotzen du orduan mezua, horren berri emateko. Gainerako kasu guztietarako, IZOrekin zuzenean harremanetan jartzea da onena, helbide hau erabilita: izo@ivap.eus

 Lege-aurreproiektuak IZOk berak itzuli behar ditu, eta, horretarako, IZOren jarraibideak errespetatu behar dira BETI. Ardatz programa dago horretarako.

Esan bezala, lege-aurreproiektuak eta xedapenak dira idazkidetzan edo korredakzioan sortzeko oso aproposak dira. Bide horretatik, legelariak eta itzultzaileak batera sortuko dute testu elebiduna, baliokidetasun juridikoa bermatzeko.

Dena den, 6/2022 legearen indarrez, EAEko lege-aurreproiektuen prozedura guztia egokitu da 2025. urtean. Lege horren arabera, lege-aurreproiektuak idazterakoan, ibilbide osoan joan behar dira euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak elkarrekin, IZOk gainbegiratuta. Horretarako, Tramitagune eta ITZULNET aplikazioek bat egingo dute zenbait puntutan, eta aurreproiektuaren bertsio elebiduna lau aldiz igaroko da IZOtik (Ardatz Programa). Prozesuaren bukaeran, lege-aurreproiektua Gobernu Kontseilura joan aurretik eta, are gehiago, Legebiltzarrera joan aurretik, IZOk azken egokitzapena eta irakurraldia egin behar du eta sinatuta bidali behar du. Horrekin batera, itzulpenean eta berrikusketan erabilitako materiala ere (memoriak eta glosarioak) txertatuko ditu, lege-proiektuaren ibilbidean lagungarri izan daitezkeelakoan.

Dekretuen prozedura desberdina da oso (EHAAn argitaratu, sinatu, gestio administratiboa, ordainketa),  eta, oraingoz, Tramitaguneko bidetik aparte geratuko dira.

  1. 1. Azterketak 
    1. Azterketak ere bi hizkuntzetan sortzea lortu behar genuke. Bien bitartean, idazketa elebiduna aurrerapauso handia izan liteke arlo honetan. Itzulpengintza ohikora jo behar bada, ezinbestekoa da itzultzaileak egilearengana jotzeko aukera izatea (telefonoa edo helbide elektronikoa) eta azterketa prestatzeko erabilitako erreferentzien berri izatea (erantzun zuzenen iturburuak, esaterako).

      IZOk ez ditu itzuliko ez udalek ez foru aldundiek, ez bestelako erakundeek kudeatutako prozesuetako azterketak, IVAPek kudeatutako prozesuetako azterketak besterik ez ditu itzuliko.

      IZOk ez ditu itzuliko beste inork ebaluatu beharreko testuak.

      Azterketak isilpeko testuak izanik, ITZULNETen berariaz horretarako prestatuta dagoen eremua (“Isilpekoa da?”) markatu behar da, eta dokumentuak enkriptatuta bidali behar dira. Enkriptatzeko erabili IVAPeko web-orria: Enkriptatu. Hor, sakatu Zerbitzuak, eta bertan agertuko da enkriptatzeko aukera.

    2. 2. Isilpeko testuak

      Berdin jokatu behar da IZOra itzultzera edo berrikustera bidaltzen diren gainerako dokumentu konfidentzialetan ere.

    Itzultzeko edo berrikusteko dokumentuak babestu beharreko datu pertsonalik badu, datuok ezabatu egin behar dira IZOra bidali baino lehen. Datu pertsonalak ezin badira ezabatu (EHAAn argitaratu beharreko zenbait testutan bezala), IZOk ez ditu datu horiek bere datu-baseetan sartuko.

    Euskarazko testuak idazteko orduan, baliabide asko daude eskuragarri, horietako batzuk Elkarlaneko erabiltzaileentzat bakarrik. ELET, euskaraz lan egiteko tresnen webgunea da. Bertan da, esaterako, DUDANET, euskarazko zalantzak argitzeko gunea. Hiztegietan ere aukera handia dago, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak babestutako Euskalterm, Terminologia banku publikoa. IDABA datu-basean IZOn egindako itzulpenak daude oinarri modura erabiltzeko. Tresna indartsua sartu da euskararen esparruan: itzultzaile automatiko neuronala. Aukera bat baino gehiago dago: IZOk dauka itzultzaile automatiko neuronal juridiko-administratiboa; Eusko Jaurlaritzak du bat orokorragoa (Itzuli) eta ETBk beste bat hedabideetako euskaran oinarritua (batua). Euskaraz sortu eta landutako testuak berrikusteko Idazlagun zerbitzua sortu zen. Hona hemen, aipatutako baliabide horien esteka-multzoa:

      •  

        1. IDAZLAGUN zerbitzua

        ivapidazlagun@gmail.com

        2. ELET, IVAPek eskainitako “Euskaraz lan egiteko tresnak”

        XLNET bidez, ziurtagiri digitalarekin edo XLNETeko erabiltzaile eta pasahitzarekin

        ELET

        3. IDABA, IZOko itzulpenen datu-basea

        XLNET bidez, ziurtagiri digitalarekin edo XLNETeko erabiltzaile eta pasahitzarekin

        Idaba 

        4. DUDANET

        Dudanet 

        5. Euskalterm hiztegia

        Euskalterm 

        6. IZOren itzultzaile juridiko-administratiboa

        Itzultzaile juridiko-administratiboa 

        OHAR GARRANTZITSUA: Tresna hau lanean laguntzeko besterik ez da, eta bere emaitzak beti berrikusi eta zuzendu behar ditu euskaraz hizkuntza-gaitasun nahikoa duen pertsona batek. IVAPek ez du erantzukizunik izango tresna hau erabilita sortutako testu akastunek ekar litzaketen ondorio juridikoetan.

        7. Eusko Jaurlaritzaren itzultzaile automatiko neuronal orokorra

        Itzultzaile automatiko neuronala

    Azken aldaketako data: