Informazio orokorra (hizkuntza-eskakizunak) desgaitasun intelektuala duten pertsonentzat

  

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak,
IVAPek, desgaitasun intelektuala duten pertsonentzat
egokitu du Administrazioko B1B1 hizkuntza-eskakizuneko azterketa (lehengo 1. HE).

Europako Erreferentzia Marko
Bateratuaren B1 mailarekin parekatuta dago.

Noiztik ari gara?

2017an hasi zen desgaitasun intelektuala duten
pertsonentzat B1B1 HE egokitzeko prozesua. Urte horretan
Bizkaiko Foru Aldundiak zerbitzuetako langileen
kategoriako bost lanpostu betetzeko berariazko deialdia
egin zuen, desgaitasun intelektuala duten pertsonek
enplegu publikoa lortzeko aukera izan zezaten.
2017az geroztik, erakundeak ezaugarri hauetako
hautaketa-prozesuak deitzen ari dira, eta IVAP
desgaitasun intelektuala duten pertsonentzat egokitutako
B1B1 HEko azterketa-ereduak sortu eta B1 maila
egiaztatzen ari da.

Zer hartzen dugu kontuan?

IVAPek, B1B1 HE egokitzeko prozesuan, hiru oinarri ditu
finkatuta hizkuntza-mailaren neurriko ebaluazioa
bermatzeko. Hauexek:

  1. Hautagaiak erakutsi behar dituen hizkuntza-gaitasunak
    lau trebetasunetan: mintzamenean, entzumenean,
    idazmenean eta irakurmenean.
  2. Hautaketa-proban deitutako lanpostuaren
    (zerbitzuetako langileak, menpekoak,
    mantentze-lanetarakoak, artxiboko ofizialak,
    mandatariak, sukaldariak…) ezaugarriak eta zereginak.
  3. Prozesuaren aurreko bi probetan, bai azterketa
    teorikoan, bai azterketa praktikoan jarraitutako
    irizpideak; besteak beste, honako hauek:
    • Azterketaren testuak eta argibideak
      Irakurketa Errazaren ezaugarrietara egokitzea.
    • Azterketariak seguru eta eroso sentitzeko moduko
      giro atsegina bermatzea, bai idatzizko proban,
      baita ahozko proban ere.

Hortaz, hautagaiek lanean zeregin izango dituzten gaiak
eta egoerak oso kontuan hartu eta lau trebetasunak
neurtzeko ariketak sortzen dira, betiere
Irakurketa Errazaren ezaugarrietara egokituta.

Azken aldaketako data: