Informazio orokorra (hizkuntza-eskakizunak)
EAEko Euskal Sektore Publikoaren zerbitzuan diharduten langileen euskara-gaitasuna da hizkuntza-eskakizuna.
19/2024 Dekretuak hizkuntza-eskakizun simetrikoak zein asimetrikoak ezartzen ditu, hurrenkera honetan:
- A2B1
- B1B1 (orain arte 1. HE)
- B1B2
- B2B2 (orain arte 2. HE)
- B2C1
- C1C1 (orain arte 3. HE)
- C2C1
- C2C2 (orain arte 4. HE)
Izenaren lehen osagaia idatzizko trebetasunei dagokie (irakurmena eta idazmena), eta bigarrena ahozko trebetasunei (entzumena eta mintzamena).
Administrazio publiko ez diren euskal sektore publikoko entitateen kasuan, haien langileek hizkuntza-eskakizunak egiaztatu ahal ditzaten, 2024ko abenduaren 20ko IVAPeko zuzendariaren Ebazpenak (EHAA, 2024-12-27) ezartzen dituen baldintzak bete beharko dituzte.
Hizkuntza-eskakizunak IVAPek kudeatzen duen hizkuntza-eskakizunen erregistroan jasotzen dira.
Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko zenbait bide daude:
- Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko IVAPek antolatzen dituen deialdiak. Izena emateko epeak dirauen tartean EAEko euskal sektore publikoko entitateren batean lanean ari direnek parte hartu dezakete. Urtean bi deialdi antolatzen dira.
- Euskal sektore publikoko entitateek (udalek, aldundiek...) haien lanpostuak betetzeko deitzen dituzten hautaketa-prozesuetan. Lanpostuari dagokion hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko egiten diren azterketetara aurkez daitezke hautaketa-prozesuko hautagaiak.
- Europako Erreferentzi Marko Bateratuak bideratutako euskara tituluen baliokidetza sistemaren bidez. Hizkuntza-eskakizunen erregistroan jasotzen dira hizkuntza-gaitasun zehatza adierazten duten euskara-titulu horiek beren baliokidetza adieraziz.
- Euskal sektore publikoko entitateek deitzen dituzten hautaketa- edo hornikuntza-prozesuetako probak euskaraz eginez eta gaindituz (19/2024 Dekretuaren 28. artikulua).
- Euskal sektore publikoko langileek aukera izango dute hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko haien lanpostuan euskara erabiliz (19/2024 Dekretuaren 29. artikulua).
19/2024 Dekretuaren 28. eta 29. artikuluetan ezarri diren hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko sistema berriak abian jarriko dira Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren eskumena duen sailak arautzen dituenean.